domingo, 14 de febrero de 2010

Biffy Clyro

Aurreko ostegunean Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertuaren ostean Biffy Clyro banda eskoziarraren taldekideekin hitz egin ahal izan nuen. Haien abeslari eta gitarjoleak Simon Neil-ek esan zidan gaur egun musikaren sentimendua galtzen hasia dela eta horren errua umeek txikitatik musika eredu txarrak izatea dela. Telebista eta irratien bidez sentimendu gabeko taldeak entzutea inposatzen zaigu, etekin ekonomikoa ateratzea helburu duten taldeak.

SENTITU, GOZATU!!


Irakasteko, jakin behar.

Orain arte kontzeptu oso garrantzitsu bat ahaztu dut. Zelan musikarekin gozatzen irakatsi hezitzaileak gozatzen ez badu?

Irakasleen Eskolan Rock musikak oso presentzia gutxi du; antzinako musika eta musika folklorikoa nagusitzen da, egunotan irakatsi beharreko musika mota dela aitzakitzat hartuz.

Hezkuntza metodoa aldatzeko irakasle adituak behar dira, musikarekin benetan gozatzen dutenak.

Denok batera

Rock musika txiki-txikitatik entzuten dute gaur egungo haurrek: telebistan, irratian edota aitaren kotxean eskolara bidean. Hau aprobetxatu beharra dago Haur Hezkuntzan musikaren kontzeptu anitz lantzeko. Adibide paregabea da The Beatles-en All Together Now kanta.



Ariketak (4 urtetik aurrera lantzeko):

1- Denek batera abestiaren pultsoa markatu (txaloka, belaunetan kolpatuz...)
2- Abestia entonatu hitzak ikasi barik.
3- Estribilloa ikasi (All Together Now kontzeptua barneratzeko eta elkarlana bultzatzeko)
4- Letra ikasi (Inglesa lantzeko, hitz errazekin: koloreak, zenbakiak etab.)
5- Taldearen historia eta taldekideen izenak ezagutu, baita jotzen dituzten tresnak ere (tresna ezberdinak desberdindu)

Let's rock as a culture

Aurreko urteetan Inglaterran eta AEB-etan rockaren inguruan hezkuntzan emandako fenomenoa ikusi ostean, horrek kulturan eta gizartean duen eragina aztertzea nahi nuen. Horretarako New York hirira joatea erabaki nuen, han hilabete bat egoteko asmoz. New Yorker izeneko hotel batean nengoen, 481.kalean eta 8.etorbidean, Manhattan auzoaren erdialdean eta horrek, hiriaren ikuspegi nahiko orokorra ematen zidan. Musika nonahi, ez zegoen zertan Brodway-ra gauez joan rock-arekin topo egiteko. New Yorkeko auzo guztietatik ibili nintzen eta baita New Jersey eta Boston hirietan. Konturatu nintzen, musikari guk ematen diogun baino balio handiagoa ematen dietela eurek eta euren kulturan gurean baino presentzia askoz handiagoa duela; baita, orokorrean, musikaz gu baino gehiago eta hobeto gozatzen dakitela.

Bostoneko kaleetan gitarra jotzen ari zen tipoetako baten ondoan gelditu nintzen erositako bokata jateko asmoz zuzeneko musika entzuten nuen bitartean. Euria hasi zen eta tipoa gitarra hartu eta nire ondora etorri zen, aterpera. Berarekin hizketan hasi nintzen eta kontatu zidan Kevin deitzen zela, Floridakoa zela, eskolan hasi zela gitarra jotzen eta gaur egun hori zela bere bizimodua; A Day To Remember izeneko rock taldean jotzen du eta taldearekin kontzerturik ez daukanean, gitarra hartu eta hirietatik doa musikaz gozatzera eta kaleetatik doan jendea bere musikarekin gozaraziz. Eskola garaian oso ikasle traketsa zela onartu zidan eta musika klaseengatik izango ez balitz ez lituzkela bere onarrizko ikasketak aurrera aterako, eskolara joaten zela musika klasea gustoko zuelako; rock entzunaldiak, saio praktikoak, talde lanak...alegia. Gaur egun zuzenbidean lizentziatua da.

Gure kulturan musikak betidanik izan du presentzia handia, goza dezagun! Horretarako ikasleak motibatu behar dira eta ikasi behar dute musikaz gozatzen. Mozart-ekin ala Kurt Cobain-ekin? Helburua lortzeko aproposena denarekin...





sábado, 13 de febrero de 2010

Let's rock in class 3

Urtebete geroago (2008) AEB-etara joan nintzen, Californiako Murrieta izeneko herri batera. Han, aurreko urteetan egin izan nuen bezala, ikastetxe batean matrikulatzen saiatu nintzen, baina heldu nintzenean horretarako berandu zen eta beste alternatiba bat bilatzea erabaki nuen. Horretan nengoela dei bat heldu zitzaidan Murrietako Valley Institututik esanez, posible nuela oraindik klasez kanpo egiten ziren ekitaldietara apuntatzea. Horren informazioa eskatu nuen eta urte horretan Musika tailer bat zegoela ikusita bi bider pentsatu gabe apuntatu nintzen.
Tailerrean, adin guztietako pertsonak elkartzen ginen 13urteko gaztetatik hasita haien gurasoetara, musika maila oso ezberdinetako jendea... Klaseak Rio eta Austin izeneko bi gaztek ematen zituzten, Murrieta Academy Of Music-eko irakasleak ere zirenak, eta musika mota guztiei buruzko solasaldiak eta saio praktikoak eduki genituen. Egia esan, nabaria zen XX. mendea baino lehengoko musika ezagutzak gureak (Musika eskola ofizial batean ikasten duten pertsonak) baino eskasagoak zirela; baina gaur egungo musikari buruzko duten ezagutza gurea eta Inglaterran, orokorrean, dagoena baino askoz ere handiagoa da.
Californian nonahi topa dezakezu musika, kaleetan, metroan, jatetxeetan, parkeetan... esan dezakegu euren kulturan musika gurean baino gehiago gozatzen dutela eta arrazoia hango hezkuntzan pop-rock musikari (beste musika motak baino gustokoagoak hasiera batean) ematen zaion garrantzia dela esango nuke.

viernes, 12 de febrero de 2010

Let's rock in class 2

Hurrengo urtean (2007) Southampton hirira joan nintzen beste denboralditxo bat aurreko urtean izandako esperientzia ona kontuan hartuz eta han ere ikastetxe batean matrikulatu nintzen, Bitterne Park ikastetxean. Bertan musika klaseetara joatea erabaki nuen aurreko urtean bezala, Mr. Pezzella izeneko irakasle nahiko nagusiak ematen zituen klaseetara. Han ez zegoen instrumenturik eta horrek triste jarri ninduen, eta tristeago jarri nintzen kantu gregorianoaz hitz egiten hasi zenean; hori ez zen nik espero nuena. Egunak aurrera egin ahala antzinako musika gaur egungo musikarekin konparatzen hasi zen eta Led Zeppelin-i buruz, Elvis Presley-ri buruz, The Beatles-i buruz edo Nirvana-ri buruz mintzatu ginen, baita apunteak hartu ere.

Mr. Pezzella-k esaten zuen: "Everything's music around us, so we've to learn it". Eta egia da, dena da musika eta horrexegatik dena ikasi behar dugu.

Let's rock in class 1

2006. urtean Inglaterrara joan nintzen denboralditxo bat bizitzera, Warsash izeneko hegoaldeko herri txiki batera. Bertan Brookfield School izeneko eskola batean matrikulatu nintzen eta aukeratu ahal ziren gaien artean musika zegoen. Ni betidanik oso musikazalea izan naizenez, dudarik gabe apuntatu nintzen pentsatuz hainbeste urteetan zehar nire betiko musika eskolan ikasitako Mozart, Bach, Vivaldi eta abarrez mintzatuko ginela.

Klasera sartu lehenengo egunean eta anplifikagailuak, bateriak, teklatuak eta beste zenbait instrumentu ikusi nituen. Liluraturik beste ikasleei begiratzen nien pentsatuz haiek ni bezain arriturik egongo zirela; baina ez, haiek munduko gauzarik normalena izango balitz bezala euren jesarlekuetan jesarri ziren. Miss. Richardson andereñoa sartu zen klasera eta egunon esan eta gero kurtso amaierako proiektua azaldu zuen: Klasea 4 taldeetan bananduko zuen eta bakoitza nahi zuen musika tresna hartuta abesti bat konposatuko zuten. Horrela 5pertsonako taldeak sortuko ziren eta bakoitzaren tresna eta gustu musikalak kontuan hartuz, elkarlanean abesti bat sortuko zuten.

Nire taldean Jack(guitarra), Benny(bateria), Amy(baxua) eta Nina(perkusio txikia eta ahotsa) geunden, ni piano ikasketak nituenez teklatuak jotzea erabaki nuen. Bakoitza bestea entzun behar genuen, besteen instrumentuak ikasi gureak haienekin batera jotzeko eta gure buruari garrantzia eman behar denean eta besteen nagusitasuna onartu beste momentu batzuetan(soloak).

Ez nintzen kurtso amaierarte egon eta ezin izan nuen ikusi geuk konposatutako Funk eta Jazz arteko abestia aurkezpen egunean. Nik nire partearen partitura idatzi eta Miss. Richardson andereñoari utzi nion beste batek jo zezan aurkezpen egunean.

Gaur egun klase hartako taldekoekin harremana izaten jarraitzen dut eta nahiz eta gehienak arkitektura edo informatika edo musikarekin lotura zuzena ez daukan beste ikasketaren bat egin, denek gozatzen dute musika nik beste.